Pikutan

Posted by Ander Gortazar Balerdi on Friday Dec 21, 2012 Under Sailkatugabeak, gaur8, hirigintza, lurralde-antolakuntza, mugikortasuna

Txikitako oroitzapen bat badut, hilean behin kotxea hartu eta gurasoek Pryca edo Mamut-era eramaten gintuztenekoa. Gogoan dut nola zeharkatzen genuen Pasaiako badia, pasatzen Kaputxinoseko tunela, eta nola hatzak pixkanaka sudurrera eraman behar izaten genituen Errenteriako Papelera Española fabrikari zerion kirats jasanezina medio. Erreka ertzeko -estolda-zulo esatea itsusi xamar gelditzen da eta-; errepideko klimaxa pasatuta, usaina atzean uzten genuen, helmugara gerturatu ahala.

Pasatu dira hamabost, hogei bat urte ordutik. Pryca eta Mamut Carrefour eta Alcampo dira orain eta paper fabrikak, Papresa izen neutroagoaz berbataiatuak, herriko mahaiburu izaten segitzen du. Izenak aldatu dira, izanak bezainbeste ia: apenas dario kiratsik lantegiari; izokinen bat ere ikusi omen dute errekan gora.

Balio beza denbora-jauzi honek azken hamarkadetan euskal industriak eman duen aldaketa ilustratzeko. Lantegi horiek guztiak ez zituzten kasualitatez altxa gure herrien altzoan: ura behar, eta ibaiertzetan eraiki zituzten, zailtasun handirik gabeko lur lauetan merke, trenbidetik eta eskulanaren bizi guneetatik gertu. Hain gertu, ezen batzuetan lantegiek herrigunearekin zuten lotura fisikoa zein emoziozkoa erabatekoa baitzen, lan eta bizi, biak bat izateraino.

Ekonomia-molde garbiagoen mesedetan, industria astuna alboratzen joan garen heinean, pentsa genezake lantegi eta herriguneen arteko lotura sendotuz joan dela pixkanaka. Gai izan garela, gure Herrian gehien eraiki dugun garaiotan, funtzio anitzeko herriguneak sortzeko, mugikortasun derrigortua -mugikorkeria?- murriztu eta beste hainbat albo-kalte ekiditeko: gehiegizko motorizazioa, auzo berrien desertizazioa, garraio publikoaren ezintasuna, kutsadura. Pentsa genezake hori guztia.

Ez ba. Nahiago izan dugu lotarako soilik diren auzoak diseinatzea, lanerako soilik diren poligonoak ekoiztea. Eta ezin esan zer faktorek bultzatuta gertatu den paradoxa hori. Lurraren prezioak zerikusirik izango zukeen: herriguneetako orube preziatuak etxebizitzak eraikitzeko erabili ditugu, lur urrunagoetan enpresak merke koka zitezen (lur urrun-urrunak ere ez baitira, distantzia autoz egiten bada). Gune monofuntzionalen gestio errazagoa ere aipa liteke, mixed-use delakoa kudeatzea zailagoa baita ziurrenik. Kontrara, euskal orografia malkartsuaren arazoa genuke; tira, arazo ere ezin deitu, iaioak bihurtu baikara gure muinoak lautada bihurtzen.

Eraiki beharrekoa eta gehiago jada eraiki dugun honetan, datu batzuk hasi zaizkigu iristen: Donostian, esaterako, autoz iristen direla enpresa-poligono hauetan lan egiten duten 10 lagunetik 9.

space invaders

Berandu xamar mugikortasun-plan bati mirariak eskatu eta eman egingo dizkigula sinisteko. Zer edo zer ikasi badugu gaitzerdi, baina hara non, garai berriotan ere lehengo lepotik burua: Loiolako militarren koartelak sutsuki exijitzen dizkiogu Espainiar Gobernuari, zer eta Babes Ofizialeko Etxebizitza auzo soil bat eraikitzeko. Bitartean, mendian gora abandonatzen ditugu lan-poligono berrien proiektuak: Zuhatzuko enpresa-parkea Atotxarreka aldera hazten ari da, eta Zubieta aldean kokatuko omen da Gipuzkoako handiena izango den Eskuzaitzetako poligonoa. Pikutan, alegia. Donostialdeko Metroak langileak mugituko baditu, ez dira horiek izango.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko urriaren 19an]

Tags : | Comments Off

Aipua (XIII)

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Friday Dec 21, 2012 Under Sailkatugabeak, aipuak, lurralde-antolakuntza

«(…) aspaldi honetan Euskal Hiriak De civitate Dei dakarkit gogora garbi-garbi: han Agustin Hiponakoak kontrajartzen zituen Jainkoaren Hiria (bertutea eta egia) eta Eremu Paganoa (basagirokoa, bekatuzkoa). Irudi luke bazterrak beren antz-irudi-gogara eratutako Hiritzar bihurtzea izan dela Gizon Haundi askotxoren tema». – Iñaki Segurola (2012-12-21)

 

Tags : | Comments Off

Datorren sailburuordeari

Posted by Unai Fernandez de Betoño on Tuesday Dec 4, 2012 Under Politika, Sailkatugabeak, gaur8, lurralde-antolakuntza

Lurralde antolakuntzako sailburuorde berria zaren zuri. Zeinahi pentsamoldekoa zarela ere. Ez zaizkizu samurrak egingo, datozen lau urteak. Inork gutxik sinesten baitu lurralde antolakuntzaren erabilgarritasunean. Arkitektoek, esaterako, nahiago dute bilgarri ederreko eraikinez jardutea. Hirigileek, nahiz diziplina batekoak zein bestekoak, nahiago dute udalerri mugen barnean aritzea, administrazio gehiegirekin eztabaidatu behar ez izateko. Eta politikariek, antzeko: EAEko jelkideei, gutxienez, 1987tik aurrera ez zaie gehiegi interesatu zuri egokitu zaizun azpisaila zuzentzea, 22 urtez beste gobernukideen eskuetan utzi izan baitute.

Sailburuorde izango zara, ez sailburu. Lurralde antolakuntza ez baita aski garrantzitsua. Azken boladan ingurumenarekin batera lekutu dute lurralde antolakuntzako sailburuordetza; ulergarria. 2001etik, baina, hirigintza sailburuordetzatik erabat aldenduta; ez hain ulergarria. Goi mailako unibertsitate irakaskuntzan hirigintza eta lurralde antolakuntza jakintza arlo berean egonda, nola da posible lurraldea gobernatzeko zeharo bereizi behar izatea? Okerragoa ere izan zitekeen, akaso: sail guztiak ekonomia izeneko sail ahalguztidun baten meneko… de facto gertatu lez.

Hainbat patata bero erdiegosi utzi dizkizu aurrekoak. Gehienak ere bere aurretik egosten hasitakoak. Lau urte ez baitira nahikoak lurraldea antolatzeko. Horregatik ez da oso sinesgarria izan, azken urteotan bereziki, Eusko Jaurlaritzaren saiakera alor honetan. «Merkatua» bera antolatzaile lanetan utzi du, beste kontu ugaritan bezala. Zertarako antolatu, bestalde, EAEko azpiegitura handien gaineko eskumena Espainiarena izanda. “Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen” aldaketaren izapidea gelditzeko eskatu nahi nizun, baina, egia esan, zertarako, ez badute ezer antolatzen. Datu zaharkituz betetako panfleto ecoinnosmartneoconplus hutsal horren helburua horixe baita: arau loteslerik gabeko txeke zuri bat luzatzea, «ekintzaileei» oztoporik ez jartzeko. Fracking edo haustura hidraulikoan aditu diren Heyco eta Cambria bezalako enpresa ekintzaile estatubatuarrei, esaterako.

Elikadura burujabetza eta aztarna ekologikoa ez dira zure agendan egongo, ziurrenik. Horiek Harri Aroko kontuak direla pentsatuko duzu, une honetan hazkundea sustatzea dela premiazkoena. Baina benetan iraganekoa dena da lurzoru birklasifikazioei esker lortutako Gainbalioen Aroaren loria, duela bost urte jada itzali zena. Arestian aipatutako “Gidalerroen” ideologo nagusiak, Alfonso Vegarak, hala ere, hurrengo perla argigarria utzi berri digu “La Opinión A Coruña” egunkarian: «diru asko-asko dago munduan, eta hura erakartzeko proiektuak behar dira». Diru hori erakartzeko zer egiteko prest zaude, sailburuorde? Aukeran, hobe zenuke Europako lurralde antolakuntzaren gutunak dioena gogoratzea: «lurralde antolakuntzak beharrezkoa du ikuspegi demokratikoa, globala, funtzionala eta etorkizunekoa». Lurra salduz gero, etorkizun gutxi.

Zorte on.

 

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko azaroaren 3an]

 

Tags : | Comments Off

Kostaldearen liberalizazioa

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Thursday Oct 4, 2012 Under Sailkatugabeak, gaur8, lurralde-antolakuntza

Shockaren doktrinari buruzko aipamenak entzuteaz nekatuta gaude jada, baina zaila da Naomi Kleinen metaforak baino argiago azaltzea gertatzen ari dena. Minbizi ekonomikoa hedatu da eta premiaz operatu beharra dago, herri xehea, shock egoeran dagoena, esnatu baino lehen. Uda hasi bezain pronto izan genuen azkenaurreko operazioaren berri, eta, betiko legez, neurri liberalizatzaileek osatu dute sendagaia, baita lurralde-antolakuntzaren alorrean ere: Espainiako ministroen kontseiluak 1988ko kosta-lege babesgarria goitik behera aldatzeko aurreproiektua onetsi zuen iragan uztailaren 13an, hedabideen jomugan olinpiar jokoak zeudela profitatuz.

Onetsitako testuak hasierako zioen azalpenetik jada aitortzen du erreforma sakona dela eta segurtasun juridikoaren izenean idatzi dela betiere (esan nahi baita interes partikularren segurtasunarenean, kostaren natura-balioa babesteko interes ekologikoen gainetik).

Horren erakusgarri da lurzoru publikoetan dauden eraikinetarako kontzesioen luzapen nabarmena: 1988an eraikin ilegal horiei 30 urteko barkamena eman zitzaien (60koa ere, hainbat kasutan), eta, orain, beste 75 urteko luzapena emango zaie, gainera, kontzesioak saltzeko aukera ahalbidetuz. Aldaketa kezkagarri horrekin estatuaren diru-bilketa jarraitua bermatu nahi da (kanon bat kobratuko baita kontzesioak luzatzeagatik), jabego publikoaren pribatizazio mozorrotuaren bidez.

Bestetik, kosta babesteko zor-eremuaren zabalera 100 metrotik 20ra jaitsi ahalko da bai itsasadarretan bai urbanoak izateko baldintzak betetzen dituzten lurzoruetan (nahiz eta juridikoki urbanoak oraindik ez izan). Lehendik zegoena nahikoa ez balitz, lurzoru urbanizaezina birklasifikatzeko oraindik hirigintza-presio gehiago mahaigainean, hortaz.

Amnistia politikoaz hitz egin nahi ez duen gobernu bat izateko, amnistia ekonomiko gehiegitxo ematen ari da PPren gobernua. Aurrena, zerga-iruzurgileentzat; oraingoan, kosta-lege berri honen bidez, jabego publikoan eraikita zeuden hamar herri-zatirentzat (Alacant, Girona, Huelva, Málaga eta Valentziako probintzietakoak). Hamar urbanizazio amnistiatuen zerrendaren arbitrariotasunak (aurreproiektuan ez da ezertxo ere arrazoitzen) konstituzioaren aurkakoa izateko zantzu guztiak ditu, baina hori gutxienekoa da. Horietako bakar batean, esaterako, Gironako Empuriabravako marina negargarrian (Europako handienetakoa), 5.000 erasandako inguru egon daitezke, gehienak atzerritarrak. Almeriako Algarrobico hondartzako hotel famatua amnistiatu ez duen arren, legez kanpoko zenbat etxebizitza legalizatuko ditu guztira kosta-lege berriak?

PPk amnistiatuko duen Empuriabrava urbanizazioa (Girona, Katalunia).

Azkenik, legearen aldaketako beste kasu bitxi bat: Formentera uhartearen itsas-lerroa berriro mugatu beharko da. Malgutasunaren (liberalizazioaren) aldera, jakina. Non eta alemaniar turismoaren jomuga berrian, Mallorca eta Ibiza etxetxoz bete ondoren. Horretaz jardungo al zuten Raxoik eta Merkelek aste honetan?

 

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko irailaren 8an]

 

Tags : | Comments Off

Jakina da Lurralde Antolamendurako Artezpideen (LAA- DOT erdaraz) aldaketa-dokumentuaren hasierako onespena urte honetako otsailean izan dela eta horregatik egun alegazio fasean daude. Gure harridurarako, ekaineko hilabete honetan Eusko Jaurlaritzak prozesu parte hartzaile bat jarri du martxan. Bai, orain, behin dokumentua egina dagoenean. Batek esango du, herritarren parte hartze hau denboraz kanpo dagoela eta erabakiak hartu baino lehen egin behar dela, beste batek susmo txarra hartu diezaioke proposamenari eta parte hartze prozesu honek Jaurlaritzak burua zuritzeko besterik ez duela balioko iritzi dezake, edo proposamena bide onetik hartu eta gaizki bideratutakoari erremedioa jartzen ari direla pentsatu. Horrela adierazi zuen Atxukarro Sailburuordeak Donostian lan-mintegiaren lehen saioan, parte hartzearen ondorioz balitekeela dokumentuak aldaketak jasatea.

Gea 21 taldeak gidaturik, 3 herrialdetan egun bateko lan-saioak antolatuko dituzte. Donostian hilak 8an izan da dagoeneko, eta hurrengokoak Durangon eta Agurainen gertatuko dira. Lurralde bakoitzeko 4 eragile talde desberdinetako hiritarrak izan dira deituak saioetara: eragile sozialak, eragile ekonomikoak, administraziokoak eta teknikariak. EASW metodologian oinarrituz, 2 ariketa proposatzen dituzte: 2022ko Euskal Autonomi Erkidegoaren irudikapen positibo baten ezaugarriak definitu lehenik, eta bigarrenik gai partzialak hartuta (ingurugiroa, mugikortasuna, hiri-sistema, ekonomi jarduerak), proposamen konkretuak eman eredua aurrera eramateko. Lan-taldean gaiok hitzegin ostean, amankomunean jartzen dira talde guztien iritzia ezagutzeko.

Donostian bildutakoon artean, mahai gainean den LAA dokumentu- proposamenaren gainean ez jardutea harriduraz jaso genuen. Hau da, jakina bada parte hartze prozesua erabaki garaian egin behar dela, orain egitearen helburuetako bat egindako dokumentuaren kritika eraikitzailea egitea izan zitekeen. Proposatutako lan-metodologiak berriz parte hartze prozesuaren erabilgarritasuna eta eraginkortasuna krisian jartzen du. Parte hartze prozesua egiteari bai, baina nola gauzatzen den ere oinarrizkoa gertatzen da bere baliagarritasuna epaitzeko.

Baina prozesu parte hartzaile eraginkorra oso kostakorra da, bai diruz eta bai denboraz. Baldintza hauek aintzat hartzen ez badira, prozesuan beran sinisten ez dugula esan nahi du. Bestalde, Lurralde Antolamenduaren konplexutasuna kontutan izanda, egun bateko luzapenaren egokitasuna ere, kolokan jartzekoa da. Goizetik 3 ordu eta beste 3 ordu arratsaldez, eztabaidatarako lekurik ez da. Aste bat edo gehiagoko iraupena beharko luke seguraski, jendearen parte-hartzea lortzeko duen zailtasunarekin. Ostiraleko saioan administrazio eta teknikari aunitz ziren, baina eragile sozialetik etorritakoak, oso gutxi, aski esanguratsua dena.

Lan-mintegian asko haserratu zenik ere izan zen. Lan-metodologiaren “jolasean” sinisten ez zuelako. Egun bateko saioan, gaiak eskatzen duen sakontasuna arinkeriaz eta sinplifikazioz jorratzeko beste biderik ez dagoelako.

Parte hartze prozesuak oso erabilgarriak izan daitezke, dudik ez. Baina jorratu beharreko gaiaren inguruko informazioa elaraztea klabea da prozesuaren emaitza kalitatezkoa izan dadin. Lurralde Antolakuntza, gure herriak hainbeste baldintzatzen duen gaia izanik, nolatan ez da telebista eta irratian informatzen? Nolatan ez dago eztabaida kalean?

Lan-saioaren ondoriorik nabariena zera izan zen gehiengoaren adostasuna zegoela EAEko barne-mugikortasunaren arazoa lehen mailakoa dela onartzerakoan edota lehen sektorearen berpiztea beharrezkoa dela hala nola politikarien konpromisoa behar dela interes politikoez haratago herrialdearen onurarako apustua egiteko. Orokorkerietan denok lagun, bada pausu bat dena dela. Baina adospen maila handi hau, filosofia eta gai orokorretan dagoen arren, hauen praktikaratze-akzioetan gertatzen da arazoa. Akaso, horrek beste parte hartze prozesu baterako beharra eskatzen du.

Tags : | Comments Off

Akitaniaren eta Baskongaden arteko fusio hotza

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Monday Jan 23, 2012 Under Politika, gaur8, lurralde-antolakuntza
Dagoeneko aski zaila gertatzen zitzaigun hego euskal herritarroi departamendu propiorik gabeko Ipar Euskal Herriarekin harreman instituzionalak garatzea, eta hara non orain, Pirineo Atlantikoekin borrokatzeaz gain, Akitaniako beste lau departamenduekin ere negoziatu beharko dugun. Behintzat baskongadook, zeren eta Sanzek eta Barcinak Nafarroa Garaia euroeskualde berriaren operaziotik kanpo utzi dute, akaso Pirinioz gaindiko 2x2 autobidearen aferagatik oraindik erretxinduta. Munta handiko politikaren ajeak.

«Mundu global honetan, eskualdeok bat egin behar dugu, erabaki garrantzitsuetan parte hartzeko» esan zuen Lopezek eskualdearen sorrera-ekitaldian, iragan abenduaren 12an, irakurketa geopolitiko handien lilurak itsututa. Baiona-Donostia Euskal Eurohiria deitua antolatzeko arazoak aski ez, eta orain EAE baino ia sei aldiz handiagoa den eta %50 biztanleria gehiago duen Akitaniarekin Lurralde Lankidetzarako Europar Taldea osatu dugu. Eskualde berriak «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» du grazia. Arraroa da gero moda-modako tautotoponimo errepikakor horietako bat aukeratu ez izana, l'Eurorégion Eskualdea, esaterako (gogoratu euskaldunontzat irrigarria den Kutxa Bank izena). Gaitzerdi.



Euroeskualde berria ez da izango Euskal Herria artifizialki zatitzen duen mugaren bi aldeak kontuan hartuko dituen lehen erakundea. Jada mugaz gaindiko hainbat proiektu sortu dira Eskualde Garapenerako Europar Funtsak sustatutako Interreg ekimenari esker. Hortaz, zertarako behar da beste erakunde bat? Nekez aurkituko dugu erantzun garbirik Lopezen hitzaldi hutsalean. Estatutuen 6.2 artikuluak argitzen digu kezka, ordea, zereginen eta jarduera-eremuen lehen adibidean bertan: «eskualde bien arteko komunikazioak hobetzea pertsona eta salgaiak eramateko, batez ere, irisgarritasuna areagotuta eta ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatuz». Honezkero badakigu lerro artean irakurtzen, ezta? Abiadura Handiko Trenaz ari dira, noski. Bestela, azalpen argiak maite dituztenek, Alain Rousseten hitzaldia irakurtzea baino ez dute. Honakoa, adibidez: «L'enjeu est clair: il nous faut mener à bien la construction et l'interconnexion d'un réseau de lignes à grande vitesse de part et d'autre des Pyrénées. C'est un chantier prioritaire». Garden-gardena.

Logikoa da lurraldea egokiro antolatzeko erakunde gero eta handiagoak sortzea. Funtsean, zentralismoa ikuspegi integralen aldekoa da. Beti bezala, jarduera-eremuaren mugan datza arazoa. Hala ere, balizko kontraesan gehiago dago: behin eremua finkatuta (kasu honetan, EAE eta Akitania), lurralde bakar baten moduan antolatzea litzateke helburua. Arazoa agerikoa da, ordea: Konta ezazue euroeskualde horretan zenbat aireportu dagoen, zenbat portu, zenbat... Eskualdearen osotasuna aintzat hartzen ez bada, fusioa ez da hotza izango, izoztua baizik.


[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko abenduaren 24an]


Tags : | Comments Off

Jana eta lurraldearen antolakuntza

Posted by Unai Fernandez de Betoño on Wednesday Jan 4, 2012 Under gaur8, lurralde-antolakuntza, nekazaritza
Azken asteotan hitzaldi interesgarriak antolatu dituzte Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak zein Kutxa Ekoguneak, nork bere aldetik, lurralde antolakuntzaren garrantziaz jabetu gaitezen. Ez da kasualitatea: Lurraldearen Antolakuntza Gidalerroen aldaketaren hasierako onespena argitaratzear dago, eta agiri horrek proposatzen digun lurralde eredua zalantzan jartzen duten herritarrak gero eta gehiago dira. Bai kontzientzia ekologikoaren harrak bai krisialdiaren larriak nabarmen handitu dute Euskal Hiria NET deituriko entelekia garapenzalearekiko eszeptizismoa.

Chicagoko Eskolako ekonomialariek soilik ulertzen dituzten eta letra larriz idazten diren izen hanpatsu bezain hutsalen artean (Bikaintasunaren Lurraldea, Eraldaketa Ardatzak, Ekobulebarrak, Ardatz Teknoindustrialak, Berrikuntzaren Arkuak, Nortasun Nodoak), EAEko lurralde osoa, hiritarra zein landatarra, antolatu beharko luketen gidalerro berrituek soilik sei paragrafotan banatutako 178 hitz eskaintzen dizkiote nekazaritzari. Zeren eta ez pentsa proposatutako ekobulebar horietan patatak topatuko ditugunik. Lurraldearen Antolakuntza Gidalerroen ideologoen ustez Berrikuntza Soziala izango da elikatuko gaituena, laugarren sektore ekonomiko ustez ekintzaile horren menpe antolatu nahi baitute geografia osoa, sukaldean egunero behar-beharrezkoa dugun lehen sektorearen kalterako.



Aipatutako hitzaldietan Pedro Alberdik (EHNE) zein Luis Zaballak (UAGA) ohiko nekazaritza eta abeltzaintza estentsibo, tokiko eta askotarikoa aldarrikatu zuten. Baina Bikaintasunaren Lurraldean kontrakorantz goaz: estentsibo bihurtu duguna lurzoru urbanizatuaren monolaborantza da, eta, hortaz, tomateak landatzeko lurrik ez dagoenez, zaku hidroponikoetan hazten ditugu edo Marokotik ekartzen. Egoera aldrebes horren aurrean sortzen ari dira hainbat kontsumo talde, kalitatezko elikagaiak lortzeko eta eskala txikitik tokiko nekazaritza bultzatzeko asmoarekin. Oso interesgarria, baina ez dezagun eskala handia ahaztu: lurra babestu nahi badugu, hiriek eta azpiegiturek landa-lurrak ito ez ditzaten, gillotinaren moduan goitik behera doan plangintza ofiziala ere aldatu beharko dugu. Eta plangintza hierarkiaren gailurrean Lurraldearen Antolakuntza Gidalerroak daude.

Horrexegatik defendatu zuen Joseba Arbaiza geografoak nekazaritza estrategikoa dela, haren beharra ezinbestekoa delako lurraldea egokiro kohesionatzeko eta orekatzeko. Lurra ereiten da, biziaren euskarria da, esan zuen Arbaizak, halaber; ez dezagun etekin ekonomiko azkarra eman behar duen zoru soiltzat jo.

Desazkunde DOT taldeko kideek ere parte hartu zuten jardunaldietan, antzerako ondorioak plazaratuz: Lurraldearen Antolakuntza Gidalerroek ez dute elikagai subiranotasunaren eta baserritarren aldeko pausorik ematen; alderantziz, Euskal Urbe globalak nekazaritza eta abeltzaintza ere deslokalitzatzea proposatzen dute, haien ordez estetikoagoak eta paisajistikoagoak omen diren ekobulebarrak atonduz. Irentsiko al dugu?


[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko azaroaren 26an]


Tags : | Comments Off

EAEko lurraldea beste modu batera antolatzeko unea

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Tuesday Dec 20, 2011 Under desazkundea, lurralde-antolakuntza
EAEko Lurralde Antolakuntzarako Artezpideen aldaketaren hasierako onespena ofizialki argitaratzear dago. Agintaritzaren Aldizkarian agertu orduko, abenduaren amaieran edo urtarrilean, gauzatuko da 2006an hasi zen berrikuspen-prozesuaren amaieraren hasiera. Handik aurrera, hilabeteko epea izango da alegazioak egiteko, eta, orduan, behin-betiko onespena argitaratuko da: EAEn egingo diren hirigintzako eta lurralde-antolakuntzako plan guztiek (batez ere Lurralde Plan Sektorialak, Lurralde Plan Partzialak eta Plan Orokorrak), azkenik, gidalerro ideologiko berrituak edukiko dituzte.

Lurraldea beste modu batera antolatzeko unea dela iritzita, DOT Desazkundea taldeak hurrengo manifestua idatzi du, non LAAen aldaketaren edukiak berriz planteatzea eskatzen duen, parte-hartze prozesu zabal baten bidez.



MANIFESTUA


LURRALDE ANTOLAMENDU ETA KOHESIORAKO ARTEZPIDEEN ALDEKOA


LURRALDE EREDU BIRBANATZAILE, FUNTZIOANITZ, SOLIDARIO ETA EUSGARRIA


Eusko Jaurlaritza Lurralde Antolamendu Artezpideen (DOT) eguneratzean dabil Re-estudio de las DOT - Euskal Hiria NET deritzonaren bidez. Prozesu baztertzaile eta partaidetza gabeko baten bitartez lurralde eredu bat definitu nahi du, zeinek beste arloetako politika ezberdinak baldintzatuko dituen, besteak beste, ingurugiro, ekonomi, energi, mugikortasun edo etxebizitza politikak. Artezpide hauek Erkidegoko udalerri guztiek haien plan orokorretan ezarri beharko duten hiri eta lurralde eredua finkatzen dute, askotan, lurzoru kontsumoa derrigortuz.

1997an onartu zirenetik, DOT - Euskal Hiria merkatuaren menpeko antolamendu ekonomiko eredu bati babesa eman diote, eta lurraldearen ekosistemen mugak ez dituzte haienganatu (lurraldea gu bizi garen ekosistema konplexu bezala ulertuta). 1997ko DOTek hiru hiriburuetan polarizatutako lurraldea proposatzen zuten, eskualde eta herriak igarotzeko eremu izatera menderatuz eta lurraldearen ia osotasuna bertan eraikitzeko edota azpiegiturak jasateko gune bihurtuz.

Eredu honek, Euskal Hiria, lurraldearen kolapsoa eragin du, urteroko 700 futbol zelaien adinako lurraldearen okupazio erritmoa ezarriz. Beraz, egokiago liteke “Euskal Urbea” bezala izendatuko bagenu.

Eskala orokorreko “Euskal Urbea” proposamen honen aurrean, beherago sinatzen dugunok hurrengoa adierazi nahi dugu:

1. DOT - Euskal Hiria eredua 14 urtez indarrean egon ostean, honen garapenaren irakurketa eta gure lurralde / ekosistemaren ebaluaketa beharrezkoak egiten direla.

2. Euskal Hiria NET proposatzen duen lurralde ereduarekin gure ezadostasuna aurkezten dugu, non lurraldea azpiegiturak jasan eta hiri garapen ezberdinak lotzeko “beltzean dagoen euskarri” soil bat bezala aurkezten den.

3. Gaur egungo ingurugiro krisi ekonomikoaren aurrean Euskal Hiriak krisi honetara ekarri gaituen garapen paradigma berdinetan oinarritzeak eragiten digun ardura adierazten dugu, zeinek karbono igorpenen, lurzoru kontsumoaren edo ordezkaezinak diren errekurtsoen murrizketaren aurkako bidean jotzen duen.

Honegatik guztiagatik, Eusko Jaularitza Euskadirako lurralde ereduaren inguruan eztabaida eta prozesu parte-hartzaile, publiko eta garden bat irekitzera premiatzen dugu, hiru ardatz hauetan oinarrituta:

1. 1997 urteko LAAen garapenaren ebaluazioa (lurraldearen diagnostikoa)

2. Gaur eguneko ekonomia, gizarte, ingurumen eta kultura arloko erronken zehaztapena, prozesu hausnartu eta lotesle baten bitartez (LAAen helburu gaurkotuak)

3. Lurralde Kohesio Artezpide batzuk bilatzeko adostutako oinarrien zehaztapena. (adostutako artezpide lotesleak)

Honez gain, DOT - Euskal Hiria NET suposatzen duen planteamendu eutsiezin eta ezorekatuaren aurrean, beherago sinatzen dugunok, birbanatzaile, funtzioanitz, solidario eta eusgarria den lurralde eredu batentzako Lurralde Kohesiorako Artezpide batzuen beharra islatzen dugu. 

 
                                    Euskal Herrian, 2011ko abenduaren 20an


KONTZEPTUEN ERANSKINA


a) Birbanatzailea

Zerbitzu eta ekintzak berlekuratzeko proposamena. Behartutako mugikortasuna murriztu eta lehen mailako zerbitzuak (elikadura, osasuna, hezkuntza, kultura... eta abar) ziurtatzeko beharrezkoa dena. Honetarako, eskualdeak eta lurralde kohesio eremuak birdefinitu beharra planteatzen da (ekosistema geografiko historikoetara lotuagoak), haien interbentzio eta autoantolakuntza
gaitasuna areagotu eta nortasun instituzionala gauzatuz.


b) Funtzioanitzekoa

Monolaborantzak, gai guztietan (nekazal-abeltzain-baso, industria, logistika, energia, hirigintza, turismo,….arloetan) aniztasunari baliabideak kentzen dizkio. Aniztasuna, berriz, lurraldean eragina duten politika denen helburu eta oinarri bihurtu behar da. Horretarako, hirigintzan txalotua den erabilpen ezberdinen nahasketa lurralde mailan ere landu beharra dago, eskualde bakoitzaren konplexutasuna errespetatuz eta autosufizientzia bermatuz (lekuko enplegua, zerbitzu eta dotazioak, plan estrategiko propioak, elikadura subiranotasuna, baliabide eta hondakinen kudeaketa... eta abar).


c) Solidarioa

Hiriburuetan egindako jarduera eta zerbitzu kontzentrazioak eta ustetan eskala globalean ematen dion abantailak, azkenean lehen eta bigarren mailako eskualdeak (pertsonak, habitatak) eratzea justifikatzen du, non hiritik haratagoko lurraldeek hiriaren kanporaketak eta disfuntioak jasaten dituzten (errauzkailuak, zabortegiak, planta termikoak, mugikortasun azpiegiturak...). Lurralde solidario batek, hiritik herrienganako elkarrekikotasuna,
kooperazioa eta lankidetzaren oinarriak bereganatu behar ditu


d) Eusgarria

“Petrolio ekoizpenaren gailurra”, gaur egungo ziklo aldaketa bereganatzen duen lurralde eredu bat behar da. Kontsumo eta igortze ezberdinei konponbidea bilatu eta aztarna ekologikoa murrizten duen eredu bat. Desazkunde eredu bat, zeinek lurzoruaren kontsumoa, energia, mugikortasuna... eta abar murrizten duen. Eusgarritasunaren oinarriekin bat datorren lurralde eredu honen klabeak hurrengoak dira: elikadura subiranotasuna, aniztasun ekologikoa, jarduerak eta zerbitzuak gertutasunean birkokatzea, energia ekoizpenaren deszentralizazioa, oinarrizko baliabideen (ura, lurra, lehengaiak…) berrerabiltzea eta birziklapen… eta abar dira.


Hau da, planeta mailako ekosistema baten bizitzearen aurrean, ematen dugun erantzun arduratsua, gure espezie eta historiaren alde.




Manifestu honen aldeko sinadurak biltzen ari dira. Ados bazaude, bidal itzazu zure izen-abizenak, NAN zenbakia (ez da argitaratuko) eta lanbidea/elkartea e-mail helbide honetara: info@dot-desazkundea.org



Tags : | Comments Off

Yo-yo hiriak

Posted by Unai Fernandez de Betoño on Friday Sep 30, 2011 Under gaur8, hirigintza, lurralde-antolakuntza
Oporretan izan bazara, yo-yo hiriren bat bisitatuko zenuen, ziur aski. Edo, akaso, horretarako ez duzu oporretara joan beharrik izan, dagoeneko yo-yo herri batean bizi zarelako; udan gizendu eta neguan argaldu egiten den hiri edo herri horietako batean, alegia, zeinen biztanleria bat-batean luzatu eta laburtu egiten baiten, yo-yo jostailu baten moduan. Gora eta behera.

Kostaldean kokatutako herriak izan ohi dira udako turismo masiboa jasotzen dutenak; jendetza eguzkiaren eta hondartzaren egarri baita. Eta beroarekin populazioa ere dilatatzen da, itsasoaren bazterrean gutxienez. Aurreko urteetako datuak ez badira asko aldatu, abuztuan Elantxobe eta Zarautz hirukoiztu egin dira; Plentzia, Lekeitio, Hendaia eta Miarritze, laukoiztu; Mundaka eta Donibane Lohizune... boskoiztu! Apartamentuak, kanpinak eta hotelak goraino bete dira, baita tabernak eta jatetxeak ere. Pagotxa eduki dute. Beraz, uda parteko hiri-gizentzeak onura ekonomikoak badakartza. Lehen begirada batean, bederen. Zeren eta yo-yoa igoarazteko energia gastatzea ere beharrezkoa da.

Turismoak eragindako eragozpenak eta gastuak ere badaude, eta ez edonolakoak, sarritan aipatzen ez badira ere. Zerbitzu publikoak (garbiketa, trafikoa eta segurtasuna, batez ere) ganoraz eskaintzeko senperrenak ikusten dituzte hainbat udalek. Erronka zera da: nola aurre egin aisialdiaren bila migratzen duen «homo ludensaren» inbasioari? Erantzuna ez da erraza. Giza-baliabideak aldi baterako handitzea ez da horren zaila: garbitzaile eta polizia gehiago ekartzen dira, eta kito; baina azpiegitura finkoekin (iristeko errepideak, ekipamenduak, hornikuntzarako hiri-zerbitzuak...) ezin da gauza bera proposatu. Hortaz, edo abuztuko eskakizunerako ondo egokitzen dira, eta gainerako hilekoetan demaseko bihurtu, edo ohiko biztanleriarentzat dimentsionatzen dira, eta udan eskas gelditu.



Ataka horren aurrean, lehen bidetik jo du hainbat udalerrik, eta azpiegiturak udako turisten neurrirako handitu ditu. Egungo krisiaren aurretiko testuinguruan, gainera, zerbitzuen soberako dimentsio hori hirigintza-garapenerako zurigarri gisa erabili izan da behin baino gehiagotan. «Azpiegiturak sobera handiak egin ditugunez, goazen etxebizitza gehiago eraikitzera egoera orekatzeko» izan da leitmotiv atzekoz aurrerakoa. Hori da etxea teilatutik hastea! Izan ere, Euskal Herriko kostaldean ez da komeni (askoz) gehiago eraikitzea: EAEko itsasertzean, hots, erkidego osoaren azaleraren %15ean soilik, biztanleriaren %60 bizi da, eta eremu eder horren arrakasta bera galbide bihurtu daiteke.

Agian beste hausnarketa batzuk egin beharko ditugu kostaldeko herriek yo-yo izaera inoiz alde batera utziko badute. Herri batek bere biztanleriaren bat-bateko boskoizteari nola edo hala eusten badio, horrek ez al du esan nahi izango bigarren etxebizitza (huts) gehiegi dituela? Zentzu horretan, biztanle erabat berriak edonola erakartzen saiatu ordez (golf-urbanizazio egartsuak eraikiz, kirol-portu padura-suntsitzaileak hedatuz...), bigarren etxe horien jabeak erakartzea litzateke helburu zentzuzkoagoa, abuztuan ez beste hilekoetan ere udalerrian bizi daitezen.

Turisten yo-yo oldea kudeatzeko gako nagusia, hala ere, lurralde-antolakuntzan datza. Berariazko mugikortasun-eredu eta ostatu emateko sistema egoki batekin, jendetza kostaldetik barnerago kokaraz daiteke, «bigarren lerroan», eta diru-sarrerak eta gastuak lurraldean zehar banatu.

Hain zuzen ere, kostaldeko udalerri batean (edo herrialdean, edo autonomia erkidegoan) erroldatuta ez daudenak herri horretara ailegatzeko garraio publikoa erabiltzera derrigortu daitezke, natura-parke batzuetan (Kataluniako Aigüestortes kasu) dagoeneko egiten den modu bertsuan. Horretarako gogoa, ekimena eta lana besterik ez dira falta.



[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko irailaren 3an]


Tags : | Comments Off

Datorren hiria

Posted by Unai Fernandez de Betoño on Friday May 6, 2011 Under hirigintza, lurralde-antolakuntza
Ditxosozko krisiak W-forma duela diote; gora eta behera doan errusiar mendi batena. Baliteke WWW-itxurakoa ere izatea, baina ez Interneten eraginez, baizik eta petrolio merkearen amaiera gertuak sortuko duen egoera energetiko zailagatik. Estatubatuarrek azpiegitura handiak eraikitzen konpondu omen zuten 1929ko krisi ekonomikoa, baina errezeta berdinak ez du oraingo krisi poliedrikorako ere balio egingo. Arrazoia agerikoa da: zeinek erabiliko ditu eraikitzen ari garen azpiegitura faraonikoak ―Supersur, Beasain-Durango― lehengaien prezioak seikoizten direnean?


Gorostiza biaduktua. Bilboaldeko Supersur saihesbidea / Bizkaino, CC-BY-SA

Horrek guztiak eragin zuzena edukiko du gure hiri dezente amerikartuetan, zeinetan dena antolatu den autoaren inguruan, azken urteotan bereziki. Hiriguneak turistentzako apaindu ditugun bitartean ―gure hiribilduak museo bihurtuz eta erdiguneak izar-arkitektoen objektu distiratsuez oparo hornituz―, dentsitate baxuko aldiriak gero eta gehiago hedatu ditugu. Autoak funtzio ezberdinak lurraldean zehar sakabanatzea ahalbidetu digu: hemen lan egin, hor lo, han kirola eta ikasi, edonon erosi. Gu ere, amets amerikarraren atzetik.

Udalerri anitzeko hiri metropolitar jarraitua ulertzen hasiak ginenean ―Bilboaldea, Donostialdea, Iruñerria, BAB― munstro handiagoa erditu zaigu ia konturatu gabe: eskualde-hiri etena. Politikari eta marketin-adituek Euskal Hiria esan diote, Atxagaren etsipenerako. Eskualde-hiri berriak izaera globala duela esan zaigu, kanpoko inbertsioak erakartzeko adina tamaina omen baitu, baina neurri handiko hiriak gobernatzen zailagoak dira, areago erabaki estrategikoak hartzeko burujabe ez direnean. Lurralde-antolakuntza instituzionalaren ideologoek ziurtatu dute Euskal Hiriak sare moduan funtzionatzen duela, eta hala izango da alegiazko errealitatean, baina errealitate fisikoan eskualde-hiria zatikatuta dago ―fisikoki, politikoki, sozialki, ekonomikoki―, ingurumen-kostu handiak ditu eta nekazaritza-lurren desagerpenaren arduraduna da. Hiria ez da hil, ez gaitezen dramatikoegi jarri, baina nabarmen lausotu zaigu.


"Euskal hiria" Europan / Lurralde-antolakuntzarako artezpideen berrikuspena, 2009

Futurologia-ariketak, zailak ez ezik, friboloak eta boluntaristak ere izan ohi dira. Hiria hain da dinamikoa, gainera, ezen ikerketa ia beti doan errealitatearen atzetik. Hala ere, aurreikus daiteke krisi energetikoak ―ondorio sozioekonomiko larri ugari ekartzearekin batera― eraikuntzaren eta hirigintzaren panorama halabeharrez argitzen lagunduko duela. Petrolio merkerik gabeko datorren hirirako trantsizioa lehenbailehen antolatu beharko dugu, hiri-jarraitutasunaren, erabilera-aniztasunaren eta berrerabileraren bidetik. Merkatuaren dinamika globalak lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren gidari izateari utziko beharko dio behingoz, espekulazioan oinarritutako urbanizazio-prozesu irrazionala geldituz. Golf-urbanizazio elitistak eta kirol-portu padura-suntsitzaileak eraikitzeari utzi beharko diogu, hiri-hazkunde mota trinkoagoak eta abiadura zentzuduneko mugikortasun-eredu bateratzaileagoak haztatuz, azkenean ere.

Urbanizazio-prozesua negozio gisa erabiltzeagatik murgildu bagara krisian, hiriaren ulerkeraren alorretik beretik helduko diogu konponbidearen oinarriari.

Bihar ere ez du Guggenheim II.a eraitzeko eguraldirik egingo.


[Artikulu hau ARGIAren Urtekarian argitaratu da]


Tags : | Comments Off