“Bilbo kudeatzeko bestelako ereduak” jardunaldiak

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Wednesday May 8, 2013 Under Sailkatugabeak, bilbo, etxebizitza, hirigintza, hitzaldiak

Iazko jardunaldien zapore onari jarraituz, EH Bilduk “Bilbo kudeatzeko bestelako ereduak” topaketak antolatu ditu maiatzaren 23, 24 eta 25erako, Bilboko La Bolsa gizarte-etxean. Arkitekturarekin eta hirigintzarekin zerikusi zuzena duten hizlariak izango ditugu bertan, besteak beste, EtxebizHitza Plataforma, SostreCívic elkartea, Iñaki Uriarte arkitektoa edo Igor Ahedo soziologoa.

Interesgarria izango zaizuelakoan, informazio xeheagoa, hemen.

Tags : | Comments Off

Kalkulu-akatsa

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Sunday Apr 21, 2013 Under Sailkatugabeak, etxebizitza, gasteiz, hirigintza

Iosu Cueto kazetaria: —Gasteizen 25.000 etxebizitza eraikitzea proiektatu zen [zabalpen berrietan]. Orain ezin dira saldu. Pasatu al zen Udala, baikorregi izateagatik?

Alfredo Piris 21 Zabalgunea udal-sozietate urbanistikoko gerentea: —(…) Kalkulu-akats bat izan zen.

(El Correo, 2013/04/16)

Tags : | Comments Off

Paperean eraikitako hiriak

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Tuesday Mar 5, 2013 Under Sailkatugabeak, hirigintza

Ez da batere ohikoa hirigintzari buruzko bi orrialde oso-osorik topatzea egunkarietan. Are gutxiago euskaraz, eta are gutxiago ustelkeriarekin zerikusirik ez duen gai bati buruz: gauzatu gabeko hirigintza-planak. Zorionak, beraz, Lander Muñagorri BERRIAko kazetariari, pasa den larunbatean “Paperean eraikitako hiriak” interesgarria argitaratzeagatik. Ez dadila azkena izan!

Artikulua html bertsioan irakurtzeko, sakatu hemen.

Tags : | Comments Off

Urrezko patatak

Posted by Unai Fernandez Betoñukoa on Wednesday Feb 27, 2013 Under Ekonomia, Sailkatugabeak, gasteiz, gaur8, hirigintza

Iruñeko Cervera kasua ez da izan 2012ko azken egunetako film itxurako bakarra. Gasteizen hirigintzarekin zerikusi zuzenagoa duen foiletoi kutsuko beste gertakari bat ere azaleratu berri da, Green delako hiriburutza urtea ondo amaitzeko. Antza, udalaren 21 Zabalgunea hirigintza sozietate anonimoak Gasteizko hego-ekialdeko hiri lurzoruaren alboko landa lursail batzuk erosi zituen 2006an, etorkizuneko negozio biribil baten esperoan. Horraino, zaharrak berri, hiri(gintz)a denez gero izan baitira azpijoko espekulatiboak. Baina, EAJk abenduan salatu duenez, 45 hektareako lursail horien prezio erreala halako hogeita hamar ordaintzeaz gain, isilpean gordetako operazio horretan bi sustatzaile pribatuk ere hartu zuten parte, 21 Zabalguneak sortutako Cosubapre enpresa ezezagunarekin batera. Ñabarduratxo horiek goitik behera lokaztu dute afera.

«Inoizko Gasteizko hirigintza pelotazorik handiena izan da» salatu du Gorka Urtaran EAJko zinegotziak, aukeran pixka bat gehiegi antzeztuz. Izan ere, diru jana egiteko asmoa egon bazegoen, baina, krisiarekin, saialdiaren mailan geldituko omen da azkenik. Hala ere, saltsa honetan badago zer ikertu eta zer argitu. Ez hainbeste ordaindutako prezio altuagatik: salerosketa 2006an gauzatu bazen, horrek esan nahi du ezin zitzaiola estatuko lurzoruari buruzko 8/2007 Legea oraindik aplikatu (lehe horren 22. artikuluan espresuki debekatzen da lurzoruak etorkizuneko balizko mozkinen arabera balioestea). Benetan larria da administrazio publikoa higiezin agentziekin batera halako operazio estali batean murgiltzea. Nolatan zeuden prest enpresa pribatu horiek balio erreala baino hogeita hamar aldiz gehiago ordaintzeko, informazio pribilegiaturik ez bazuten? Ez al zuten jakingo, bada, patata soro horiek urbanizagarri birsailkatu behar zituela eroslekide publikoak?

Horrenbestez, ez da harritzekoa Gasteizko Bildu udal taldeak 21 Zabalgunea sozietatea desegitea eskatu izana. 2000an sortu zenetik, hirigintza kudeaketa eraginkorra egin izana aitortu behar zaio, baina ilunak argiak adina izan dira, eta hori ezin zaio onartu kapital publikoz elikatzen den enpresa bati. «Administrazioak ez bezala jarduteko sortu zen 21 Zabalgunea, azkarrago aritzeko» defendatu da Alfredo Piris gerenteak. «Benetako eroslea administrazioa dela jakinez gero, salmenta prezioak izugarri igotzen dira» justifikatu dute, halaber, udaletik. Horregatik ezarri omen zuten operazioaren ahaldun higiezin agentzia bateko partikular bat. Ezkutuan, gure hobe beharrez. Azpikeria onbera, oximoron paregabea.

Hein batean kaltegarria izan daiteke hiria inguratzen duten partzela guztiak sustatzaile pribatuen eskuetan soilik geratzea, horrela urbanizazio prozesua dezente baldintzatu baitezakete; baina, komeni da udalen salerosketak argiz eta takigrafoz egitea. Areago krisialdi ekonomikoaren honetan, udalek, beste instituzioek bezala, diru premia larria baitute. Badaezpada ere.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko urtarrilaren 26an]

 

Tags : | Comments Off

Elkarrizketa etxebizitza.net webgunean

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Monday Feb 4, 2013 Under Sailkatugabeak, autobonbo, elkarrizketak, hirigintza

Duela egun batzuk solasean izan nintzen etxebizitza.net webguneko arduradun Jonjorekin eta Mikelekin. Etxebizitza.net Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatutako proiektua da, helburu duena etxebizitzaren inguruko argibideak eta aholkuak modu argi eta zuzen batean ematea. Hori dela eta, eskala guztiak lantzea du helburu: eraikuntza, arkitektura eta hirigintza. Hain zuzen ere, hirigintzaz eta lurralde-antolakuntzaz hitz egin genuen. Elkarrizketaren emaitza hemen duzue.

 

Tags : | Comments Off

Ahotik at! 10

Posted by Unai Fernandez Betoñukoa on Tuesday Jan 8, 2013 Under Sailkatugabeak, aldizkariak, egk, hirigintza

Oso interesgarria, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak argitaratu berri duen azken Ahotik at! aldizkaria, dagoeneko 10. zenbakia dena. “Hiriak egin eta desberdintasunak desegin. Hirigintza barneratzailea helburu” izenburupean, hainbat artikulu eta elkarrizketa bildu dituzte, urbanizazio-prozesuaren ingurukoak.

Hizkuntza argiz eta zuzenaz, hirigintzaren inguruko hainbat aurreiritzi alde batera uzteko tresnak emateaz gain (definizioak, topikoen biluzteak), hainbat kolektiboren lana ere azaltzen da EGKren azken aldizkarian (Egin Ayllu, Etxegorri, Ph+ Urbanismo Ciudadano…).

Zorionak, beraz, Amaia Elorza eta Itsaso Estarrona egileei!

Aldizkaria PDFan osorik eskuratzeko, sakatu hemen.

Tags : | Comments Off

Paisaia produktiboak

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Thursday Dec 27, 2012 Under Sailkatugabeak, hirigintza, ikastaroak

Euskal Herriko Arkitekto Hirigileen Elkarteak (EHAHE/AVNAU) VIII. hirigintza-mintegia garatuko du 2013ko urtarrilaren azken astean eta otsailaren lehenean. “Paisaia produktiboak” landuko dira, hainbat ikuspegitik. Hizlarien artean, José Fariña, Florent Marcellesi, Francesc Muñoz, Carlos Arroyo eta Enric Batlle izango dira, besteak beste. Betiko legez, arkitekturaren eta hirigintzaren profesionalentzat bideratuta egoteaz gain, aurten, kreditu 1 emango zaie bertaratzen diren 2003ko ikasketa-planeko ikasleei.

Egitarau osoa, eta izena emateko orria, hemen.

Tags : | Comments Off

Pikutan

Posted by Ander Gortazar Balerdi on Friday Dec 21, 2012 Under Sailkatugabeak, gaur8, hirigintza, lurralde-antolakuntza, mugikortasuna

Txikitako oroitzapen bat badut, hilean behin kotxea hartu eta gurasoek Pryca edo Mamut-era eramaten gintuztenekoa. Gogoan dut nola zeharkatzen genuen Pasaiako badia, pasatzen Kaputxinoseko tunela, eta nola hatzak pixkanaka sudurrera eraman behar izaten genituen Errenteriako Papelera Española fabrikari zerion kirats jasanezina medio. Erreka ertzeko -estolda-zulo esatea itsusi xamar gelditzen da eta-; errepideko klimaxa pasatuta, usaina atzean uzten genuen, helmugara gerturatu ahala.

Pasatu dira hamabost, hogei bat urte ordutik. Pryca eta Mamut Carrefour eta Alcampo dira orain eta paper fabrikak, Papresa izen neutroagoaz berbataiatuak, herriko mahaiburu izaten segitzen du. Izenak aldatu dira, izanak bezainbeste ia: apenas dario kiratsik lantegiari; izokinen bat ere ikusi omen dute errekan gora.

Balio beza denbora-jauzi honek azken hamarkadetan euskal industriak eman duen aldaketa ilustratzeko. Lantegi horiek guztiak ez zituzten kasualitatez altxa gure herrien altzoan: ura behar, eta ibaiertzetan eraiki zituzten, zailtasun handirik gabeko lur lauetan merke, trenbidetik eta eskulanaren bizi guneetatik gertu. Hain gertu, ezen batzuetan lantegiek herrigunearekin zuten lotura fisikoa zein emoziozkoa erabatekoa baitzen, lan eta bizi, biak bat izateraino.

Ekonomia-molde garbiagoen mesedetan, industria astuna alboratzen joan garen heinean, pentsa genezake lantegi eta herriguneen arteko lotura sendotuz joan dela pixkanaka. Gai izan garela, gure Herrian gehien eraiki dugun garaiotan, funtzio anitzeko herriguneak sortzeko, mugikortasun derrigortua -mugikorkeria?- murriztu eta beste hainbat albo-kalte ekiditeko: gehiegizko motorizazioa, auzo berrien desertizazioa, garraio publikoaren ezintasuna, kutsadura. Pentsa genezake hori guztia.

Ez ba. Nahiago izan dugu lotarako soilik diren auzoak diseinatzea, lanerako soilik diren poligonoak ekoiztea. Eta ezin esan zer faktorek bultzatuta gertatu den paradoxa hori. Lurraren prezioak zerikusirik izango zukeen: herriguneetako orube preziatuak etxebizitzak eraikitzeko erabili ditugu, lur urrunagoetan enpresak merke koka zitezen (lur urrun-urrunak ere ez baitira, distantzia autoz egiten bada). Gune monofuntzionalen gestio errazagoa ere aipa liteke, mixed-use delakoa kudeatzea zailagoa baita ziurrenik. Kontrara, euskal orografia malkartsuaren arazoa genuke; tira, arazo ere ezin deitu, iaioak bihurtu baikara gure muinoak lautada bihurtzen.

Eraiki beharrekoa eta gehiago jada eraiki dugun honetan, datu batzuk hasi zaizkigu iristen: Donostian, esaterako, autoz iristen direla enpresa-poligono hauetan lan egiten duten 10 lagunetik 9.

space invaders

Berandu xamar mugikortasun-plan bati mirariak eskatu eta eman egingo dizkigula sinisteko. Zer edo zer ikasi badugu gaitzerdi, baina hara non, garai berriotan ere lehengo lepotik burua: Loiolako militarren koartelak sutsuki exijitzen dizkiogu Espainiar Gobernuari, zer eta Babes Ofizialeko Etxebizitza auzo soil bat eraikitzeko. Bitartean, mendian gora abandonatzen ditugu lan-poligono berrien proiektuak: Zuhatzuko enpresa-parkea Atotxarreka aldera hazten ari da, eta Zubieta aldean kokatuko omen da Gipuzkoako handiena izango den Eskuzaitzetako poligonoa. Pikutan, alegia. Donostialdeko Metroak langileak mugituko baditu, ez dira horiek izango.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko urriaren 19an]

Tags : | Comments Off

Aieriko auziaz

Posted by Unai Fernandez de Betoño on Tuesday Aug 28, 2012 Under Sailkatugabeak, gaur8, hirigintza, ondarroa

Artibai itsasadarreko Aieri padura dezente kaltetu zuen duela 11 urte eraikitako Berriatua-Ondarroa errepideak. Padura erdibitu zuen. Arrabeta eta Goitiz arteko ingurune horren arrisku nagusia, ordea, duela hogei urte hasi zen, Ondarroako Udalak hiri-lurzoru finkatugabe gisa klasifikatu zuenean udalerriko ordezko arauetan. Garaiko talde politiko guztien adostasunarekin, herriaren zabalpena balio ekologiko handiko hezegune horren gainean garatzeko aukera ireki zen. Asmo horrekin, hain zuzen ere, hasi ziren idazten hiri antolakuntzarako plan berezi bat duela lau urte, EAJk sustatuta, Aierin ia 500 etxebizitza eraikitzeko. Alabaina, uztaileko azken egunotan jakin berri dugu EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duela Aieriko plangintza legez kanpokoa dela, Alleri Zainddu! plataformak eta Aralarrek salatu bezala: 13 hektareako gune horrek ez zituen hiri-lurzoru guztiek bete beharreko gutxieneko baldintzak (behar beste hiri-zerbitzu izatea edo bertako eraikuntzen bi herenen finkapena), eta, ondorioz, 1993ko ordezko arauak kautelaz eten dira. Ekologismoak hirigintza mendean hartuta.

Balio biologikoa edukitzeaz gain, padurak eta hezeguneak garrantzitsuak dira uholdeen ondorioak txikitzeko, ur dezente xurgatzeko ahalmena dutelako. Paduretan eraiki diren beste auzo batzuetan urtero gertatzen direnak ikustea besterik ez dago. Beraz, oraindik eraiki gabe dauzkagun altxor ekologiko bakan horiek gorputz eta arima babestu beharko genituzke. Horretarako, baina, udalerrien eskala ez da egokiena, udal gehienen interesek bat egiten dutelako eraikitzaileenekin: haientzat haztea izan ohi da epe laburreko mozkinak lortzeko biderik motzena, «gazteek herritik alde egin behar izan ez dezaten» aitzakiapean. Horregatik da egokiagoa eskualdearen eskala: lurralde antolakuntza txukun batek inguru gertuan bertan konpon ditzake etxebizitza beharrak, udalkeria hutsean erori gabe. Ekologiak muga administratiboez entenditzen ez duenez, zentralismo puntu batekin ekin behar zaio, ahalik eta izate geografiko logikoenetik: eskualdetik.

Politikoki zuzena izan ez arren, bada garaia onartzeko akaso denok ezin garela bizi jaio izan garen herrian bertan. Edo, gutxienez, adosteko etxe hutsen arazo larria konpondu behar dela lurzoru metro koadro bat gehiago urbanizatu baino lehen. Ondarroan, hain zuzen ere, 411 etxebizitza zeuden hutsik 2001ean, Eustaten arabera. Udalerriko etxeen %11,13. Eta gaur egun ez dira gutxiago izango. Egoera horretan, zentzurik al dauka padura bat suntsitzea 500 etxe berri gehiago egiteko? Are gutxiago, urte berean, alboko Berriatuko etxeen %21,90 hutsik egonda. Hortik eskualde mailako irakurketaren beharra. Gainera, Aieriko kasu zehatzean, gazteek udalerria utzi beharraren zurigarria ez da horren sendoa: padura hori ez da beti Ondarroa izan, frankismoa baino lehen Berriatua zen!

Dagoeneko EAEko biztanleriaren %60 bizi da itsasertzean. Inoiz onartu beharko dugu guztiok ezin garela bertan bizi.

 

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko abuztuaren 11n]

 

Tags : | Comments Off

Pintxopotea, hirigintza-tresna gisa

Posted by Unai Fdz. de Betoño on Tuesday Aug 7, 2012 Under Sailkatugabeak, gasteiz, gaur8, hirigintza

Goiz interesgarria suertatu zen iragan ekainaren 23koa. Gasteizko Bildu taldeak antolatutako «Gasteiz bizi, erabaki eta eraiki» udal-jardunaldien azken osoko saioa garatu zen hiriburu arabarreko Europa biltzar-jauregian, idaztear den Hiri Antolakuntzarako Plan Orokor (HAPO) berriaren kariaz, eta bertan zenbait kontu erakargarri azaleratu ziren. Taldeko dinamikaren ondoren, zeinetan udalerriaren egungo egoera, beharrak eta balizko soluzioak talde txikitan zerrendatu ziren, bertaratutako guztien arteko azken eztabaida bat garatu zen, bereziki aberasgarria. Nabarmentzekoa da jendartetik luzatutako kezkak eta iruzkinak ikuspegi globalekoak izan zirela, halako ekitaldi publikoetan azaleratu daitezkeen lokalismoetatik eta NIMBY (not in my back yard: nire atzeko patioan, ez) jarreretatik harago.

Gasteizko udalerriaren berezitasun nagusia gogorarazi zuen batek: hiriburuaz gain, beste 63 herri txiki daude haren landa-gune zabalean, non 5.000 biztanle bizi diren. Haiek ere zergak ordaintzen dituzte, trukean inbertsio eta zerbitzu publiko gutxi jaso arren, batez ere garraioari dagokionez. Eskaerapeko garraio-zerbitzu ezagunaren formula aipatu zen irtenbide posible moduan. Halaber, herrixka horien gertuko izaera mantentzeko neurriak hartu beharko liratekeela aldarrikatu zen, 2000ko HAPOren estrategia inbaditzaileak (gogoratu Lasarte eta Miñaoko lurzoru urbanizagarri erraldoien kasua) goitik behera irauliz.

1960ko hamarkadan eraikitako auzo zaharkituak ere aipatu ziren (Adurtza, Ariznabarra, eta, bereziki, Zaramaga). Ez ziren ohiko korridore-kalean oinarritu, garai hartako moda beste bat zelako: dorreak eta bloke irekiak parke handitan ordenarik gabe sakabanatzea. Gainera, auzo horietako eraikinen kalitatea ez dator bat gaur egun eskatzen ditugun erosotasun-estandarrekin (igogailurik ez, isolamendurik ez…). Eraberritu, ala eraitsi: horra hor auzia. Erantzuna ez da erraza, eta, ziurrenik, biak uztartu beharko ditu: erabateko tabula rasa egin gabe, eraikinak banan-banan aztertu beharko dira, hirigintza-kirurgiako operazio arduratsuak gauzatuz.

Eta hiriburuaren hazkundeaz ere eztabaidatu zen, jakina. 2000ko HAPOak, eraztun berdea antolatzeaz gain, adreiluzko eta porlanezko eraztun grisago bat ere diseinatu baitzuen Salburua, Zabalgana eta Aretxabaletako lurretan. Gune handi horiek, ia 700 hektarea, lo egiteko auzo hutsak dira gaur egun. Bertako egoiliarrek zentrora eta beste auzo batzuetara jo behar dute lan egiteko, erosteko edo aisialdiaz gozatzeko, oraindik ez delako giro nahikoa eratu haien auzoetan. «Pintxopotea oraindik ez da sustraitu auzune horietan» luzatu zuen batek, erdi txantxetan. Baina ez da huskeria. Zaila baita 50 m zabal diren eta norabideko hiru errei dituzten kaletzarretan (Salburuako bulebarra edo Zabalganako hiribidea, kasu) auzoko giroa piztea. Akaso autoan zerbait gutxiago eta pintxopotean zerbait gehiago pentsatu beharko genuke.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko uztailaren 14an]

Tags : | Comments Off