Ikasle hasiberrien bizipoza

Posted by Joxe Aranzabal on Saturday May 19, 2012 Under 2012, huhezi, iko, mu, yera
Lehen mailako ikasleei ematen diet eskola Mondragon Unibertsitatean, Ikus-entzunezko komunikaziokoei, eta pozik joaten naiz eurengana, ikasle onak izateaz gain, zintzoak, beharginak eta alaiak direlako. Lehen mailan izanda ere, dagoeneko ari dira erakusten komunikaziorako zaletasuna.

Aurreko batean, kanpoan eguraldi ona eta ordenagailu gelan sekulako beroa egiten zuela aprobetxatuta, kamerak hartu eta kalera irten ziren bideotxo bat egitera, Yera Sanchez lankidearekin batera. Bi orduko kontua izan zen, oso bizkor eginda eta halamoduz muntatuta,  baina ikasleei pila bat gustatu zaie emaitza, eta hasi dira Twitterren zabaltzen. Ez da harritzekoa, bizipoza dario-eta bideoari. Hortxe duzue emaitza: Mugi.
Tags : | Comments Off

Soinujolearen semea edo gure herriaren fatalismoa

Posted by mikel-asurmendi on Friday May 18, 2012 Under Soinujolearen semea, atxaga, literatura
Soinujolearen semea

Soinujolearen semea

Datorren urtean hamar beteko dira, Bernardo Atxaga Soinujolearen semea nobela argitaratu zela. Komeni da hori aipatzea, nire kasuan, orain bederatzi urte irakurri bainuen lehen aldikoz. Berriki irakurri dut, bigarrenekoz, baita Hendaiako Alekarre elkarteko Literaturaren menturazaleak taldeko kideekin batera irakurri eta komentatu  ere bai.

Premisa bat abiaburuan, handi-handika: denbora da nobelaren ezaugarri funtsekoetakoa bat –eta literaturarena orobat–, denbora da, eta berarekin denbora gainditzeko berarekin daukan tasuna, berezkotasuna.

Soinujolearen semea nobelak badu ezaugarri hori, esan gabe doa –edo joan behar luke–. Ezaugarri horren ifrentzua ekarri nahi dut hizpide hasieran, eta da: nobelak –ona bada– denbora gainditzen du, eta lehen irakurketa eta bigarrena ez da bera. Kasuon, nire kausan, bederatzi urte joan direnez gero, are aldaketa gehiago sumatu dut irakurketan. Hau da, nobela bat beti bera izanagatik, irakurlearen bizitzaren –literaturarenean barne– esperientziaren ondorioz, nobelarengatik jasotzen duena berritzen doa etengabe.

Hasierako balorazio honekin batera, eztabaidarako puntu bat ipini nahi dut mahai-gainean: nola gainditzen ditu nobela honek espazioa eta denbora, euskalduna ez den batentzat? Nola hauteman dezake Soinujolearen semea euskalduna ez denak? Zentzu horretan, nobela oso gurea da ezbairik gabe. Eta nola ez, dilema hauxe planteatzen da: zein zailtasun edo tasun dauzkan edozein nobelak eta honek berak ere, denboran irauteko?

Soinujolearen semea Obaban garatzen da. Ez da espazio bakarra, baina bai nagusia, garrantzizkoena, funtsezkoena. Obaba baina, ez da Obabakoak nobelako (?) Obaba hura. Ez garaian, ez tratamenduan. Obabakoakeko Obaba, artean, mundu bizi-bizia zena, iraganeko –edo amestutako– paradisua, euskaldunon harkadia…  zena.

Soinujolearen semearen Obaba, berriz, hiltzera doa –lehenetsi dezagun desagertze bidean dagoela, tonu horren dramatikoan ez erortzeko–, desagertze bidean dago: erritoak eta baloreak, heziketa moldeak eta ekoizpen moduak aldatu dira aurreneko bi-hiru hamarkadetatik gaur egunera (nobelaren garaira); aldaketa oso sakon baten hasiera da, nabarmena. Lerro batez errana: nekazal munduaren eraldaketa ematen ari da –“gure” kristau erlijioarekiko atxikimendua, besteak beste– euskalduna hirira areago zabaldu da, hiriko jendartearen beraren hazkunde izugarria tarte, kanpoko kulturaren indartze neurrigabearen artean –frankismoaren etorkinen olde behartua eta kalkulatua gogoan, bestek beste–.

Historia hurbila presente dauka Obaba garaikide horrek. Hitz batean, edo bitan kokatzeko: 1936ko Alzamiento Nacional eta Gernikako Bonbardaketa presente ditu gertatu zireneko hogeita hamar urtera. 30 urtera galtzaileak esnatu dira, eta garaileak beldurraren –sarrarazi zuten beldurraren– ordaina nozitzen hasiak dira.

Bernardo Atxagak Gizona bere bakardadean hausnartutako gaia berrartu zuen berriz nobela hau gauzatzean. Nik nagusiki eta hitz bakar batez definitu aldera, honako hauxe erranen nuke: fatalismoa da nobelaren leit motiv-a. Herri honen –Euskal Herriaren– fatalismoa. Izan ahal izateko, euskaldunok dauzkagun mugak eta gabeziak. Nobelak, oroz gain, herri honen fatalismoa helarazi dit. Nobelaren ezaugarrietako bat, ez bakarra, baina niretzat nobelaren ezaugarri nagusia. Noski, badira beste batzuk ere, ezaugarri osagarriak, nobelak –herri bateko eta bere herritarren sentipen eta bizipenaz bestera– intriga, misterioa, gozotasuna, hizkuntzaren eta idazketaren emariak eskaintzen dizkigu. – Soinujolearen semeak horiek ere helarazten ditu/dizkigu–

*  *  *

Lagunek, taldekideek, eman dituzte beren testuetan nobelaren hainbat ezaugarri, ederki asko eman ere, beraz, haietan nobelaren gaineko beste ezaugarri buruzko hainbat gogoeta azalduta daudelakoan nago. Alabaina, hainbat zertzelada ekarri nahi nuke, bai, hitzaldian bide egiteko baita Atxaga bera bere jardunean “lagundu” aldera. Erran bezala, taldekideen aurreko testuekin batera.
Zertzelada hauek, galderak izan daitezke, edo lerro-buru batzuk:
– Maitasuna da liburuaren aldarria. Obaba hartatik (Obaba idiliko hartatik) Obaba honetara bitartean paradisua galdu zaigu, eta bidez bide, infernua aurkitu. Ez dagokio herri honi soilik, unibertsala da, gizakiari doakion ezaugarria da. Gure kasuan, areagotua da naski, gure izatea eta nortasuna eta identitatea galbidean baitago. Hots, infernuan barrena goaz, eta maitasunaren bitartez edo laguntza bakarrik aterako gara gure galbidetik, infernutik. Horixe da  nobelaren beste ezaugarria: esperantza.
Geroko utzi gabe, galdera botako dut. Aski al dugu maitasuna infernutik jalgitzeko, fatalismotik ateratzeko? Ezezkoan nago. Ez da gutxi maitasuna, asko da, baina ez da aski. Funtsezkoa bai, baina ez guztizkoa. Ez dago guztizkorik-eta, ez erabatekorik, ez absoluturik. Eta maitasuna ez da dena. Barkatu, nire fatalismoa.
Pertsonaiak eta beste: nobelako denak dira ezinbestekoak Soinujolearen semea nobela eta Obaba ulertuko baditugu, bakoitzaren historia, ahalen eta izaeraren arabera ulertuta betiere. Bi bereiz ditzagun: David protagonista eta Joseba. Izanik ere, nobela neurri batean autobiografikoa izan daiteke, edo behintzat, egileak erabiltzen duen gaia edo materia esperientziarena da, zentzu zabalean ulertua noski. Hots, ez da sorkuntza erabatekoa, ez da literatur sorkuntzara mugatua. Alegia, hainbat gertakari historikoen harian ageri diren arrastoak eta ezaugarriak autorearen bizipenetan funtsa hartzen dutelakoan bainago/baikaude.

Bidenabar, aipa ditzadan, noski, egilearen barne ahotsaz beste, bigarren begia ere baduela. Davidek eta Josebak bi begi ezezik, lau begi dituzte. Berbarako diot. Beraz, zentzu literarioaz harago, guk denok, gutxi asko, ezagutu dugun errealitatearen gainean jardun du egileak, efektu bat bilatu du, zentzu efektista bat, eta horren bitartez gu sartzen gaitu nobelan, gu, euskaldun suerte bat barnean gaude. Izan ere, herri honetako pertsona askok ikus ditzake pertsonaia horien baitan bere burua eta larrua. Ez alferrik, 50 urte luzeetan jende askok, eurrez, hartu du parte, aldez edo moldez, jokaleku horretan.

– Horregatik berarengatik, euskaldunok  –eta Obabako euskaldunengandik hurbilagoa gaudenok areago, ezaugarriak ezaugarri– nobela hau irakurtzean mina sentitzen dugu –sentitu behar dugu– ezinbestez. Jendea, irakurlea, ezin da gustura geratu, nahiz eta erran bezala, nobelak arrazoi ugari ematen dituen gozatzeko. Bizitzen ikasten gozatzeko, bizitzaz gozatzeko.

Izakion izatearen bi aldeak agertzen dira Atxagaren nobelan, eta funtsean bere literaturan. Heroiek ez dute lekurik bere mundu literarioan. –Nahiz eta, betiere kontraesanak izan daitezkeen, berbarako, John Wayne ez dago nobelan, baina zeharka Raquel Welchengana bueltatu dezakegu gure begirada–. Nolanahi den ere, komeni da Etiopia poesia (Utopiaren aurkakoa) liburua gogoratzea, zentzu horretan. Soinujolearen semea heroien kontrako aldarria edo manifestu nobeleskoa da. Barkatu espresioa, ez da oso ortodoxoa-eta.

– Obaba joan da. Ez gaude Obaban. Eta orain zer? Obaban, Soinujolearen semearen herrian badago burgesia (egileak deskribatzen duen Obaba duela 40 urtekoa da: hots, hozkailuak, banketxeak, eskubaloi taldea, kafetegiak… daude). Imajina dezagun nolakoa –izango– den gaurko Obaba! Ez da zaila, ondo-ondoan daukagu-eta.

Obaba hazten joan zen eta hazi ahala desagertzen eta eraldatzen doa –joan da. Ba al dugu euskaldunok Obaba garaikidean bizitzerik?
– Traizioa: propio utzi dut nobelak lantzen duen gaietako bat azkenerako, azkenean agertzen baita halaber: traizioa. Gure taldeko kideak inarrosi ditu/gaitu bereziki gaiak. Bizitzan justifikagarria al da traizioa? Egileak justifikatzen ote du nobelan traizioa? Nobela batean kontatzen dena estrapolatzen ahall da errealitatera?
Idazlea nobelan dago. Idazleak: David eta Joseba. Jose Irazu. Zenbat dago Jose Irazurenetik Josebarengan, Etxeberriarengan, Mansonengan? Zenbat dago Ramuntxoren eta Daviden baitakotik autorearengan?

Nor da Bernardo Atxaga? Zer bilatzen du Atxagak  David eta Joseba pertsonaiekin?

Galderak eta iradokizunak. Egileak, Bernardo Atxagak, erantzunen ahalko ditu? Agian!

Artean, gera gaitezke, literaturarekin, poesiarekin…

“Obabatxua lo ta lo
orain suk eta nik gero
suk gurosun orduen batien
biok egingo degu lo”.

Atxagari begirunez. Eskerrik asko Irazuri.

Mikel Asurmendi  (Hendaia, 2012ko maiatzaren 13-14-18an)

Oharra: Bernado Atxagaren mintzaldiaren karietara idatzia. Maiatzaren 19an, Hendaian.

Tags : | Comments Off
Twitter euskaraz eskatzeko kanpainaren irudietako bat

Twitter euskaraz eskatzeko kanpainaren irudietako bat

Joan den ostegunean Twitter euskaraz izango dugula jakinarazi ziguten. Berri onak dira, dudarik ez; halere, ez pentsa mundua aldatuko zaigunik, ezta erabaki honek euskara salbatuko duenik ere.

Hala ere, era eskematiko batean, hamar gogoeta zuekin partekatu nahi nituzke:

1- Edozein tresna edo menu euskaraz izatea baino garrantzitsuagoa da tresna horren erabiltzaileak euskaraz aritzea bertan. Hori ulertzea funtsezkoa eta erraza da.

2- Twitter bezalako mundu mailako enpresa batek gure kanpainagatik bere ateak euskarari irekitzea garaipen bat da. Egun 28 hizkuntzatan dago sare soziala, eta gainontzeko seiak gehitzen dizkiotenean, katalana eta euskara izango dira estaturik ez duten hizkuntza bakarrak, eta horietan guztietan, euskara txikiena Sustatuk gogoratu duenez. Bada zerbait.

3- Garrantzitsua da, tresna hauek batez ere gazteok erabiltzen ditugulako, eta gazte-gaztetatik halako tresnak euskaraz izateak eragin bat duelako bakoitzak hizkuntza bati buruz duen pertzeptzioan. Oso positiboa da. Orain indar egin behar genuke jada itzulita dauzkagun tresnak euskaraz erabil ditzaten euskaldun osoek, eta baita ulertu behintzat egiten dutenek. Euskaraz bizi garenon zirkuloa handitu behar dugu.

4- Ez digute sarea ireki “hizkuntza minorizatuaren” diskurtsoa erabili dugulako, ez gure hizkuntza salbatzeagatik ere; beraientzat merkatua gara, interesa erakutsi dugu eta erabiltzaile deseroso bihur gintezkeelako egin dute. Mehatxuekin ez da ezer lortzen, ez pena ematea helburu duten mezuekin. Proposamenak dauka indarra, baita merkatuaren zati bat galtzeko beldurrak ere.

5- Lehen aldiz tuiteatzen hasten den jende berri guzti hori, inguruak bultzatuta, euskaraz tuiteatzen hastea bultzatu behar dugu. Unibertsitatean bi pertsonak elkar ezagutzen dutenean lehen hitza euskaraz egiten badute, probabilitate haundiz bizi osoan zehar euskaraz egingo duten bezala. Bakoitzak egin dezake hor ahal duena inguruan eragiteko.

6- Hizkuntzaren alde oso jende ona ari da lanean bai kalean eta baita sarean ere. Badirudielako Twitterreko kanpainagatik batzuk aipatzen gaituztela, aitortu behar zaie beren lana Wikipedia, Librezale edo Azpitituluak.com bezalako ekimenei, horiek etengabe eta oso modu eraginkorrean ari baitira lanean, software librearen esparruan. Dabide Martinezek twitterreko albistea zabaldu zenean esan zuen bezala, ongi legoke indar metaketa hau eta kontzientziazio hau software librearen itzulpenak eta erabilera bultzatzeko ere bideratzea. Horretan lagundu nahi duenak jo dezala aurretik aipatu ditugun erreferentzia horietara eta ziur beso zabalik hartuko dutela.

7- Twitter mundu mailako tresnarik garrantzitsuenetakoa da Google, Facebook, Youtube, WordPress eta abarrekin batera. Euskaraz dauzkagu, eta ziur nago hurren datozenak pixkana euskarari leku egitea geroz eta gutxiago kostako zaigula. Dena den, euskaldunok borrokatzera kondenatuta gaude, eta jendea erre gabe, halako kanpainak egiten jarraitu behar genuke.

8- Sareak gero eta aukera gehiago ematen ditu kanpaina kolektiboak bultza eta indarrak biltzeko. #twittereuskaraz-ekin erabili genuen Act.ly aukera bat da, baina arazo teknikoak izan zituen eta ez zuten konpondu nahi izan. Hala ere, Change.org da egun esparru honetan webgune garrantzitsuena. Nahi dugunerako erabil dezakegu. Facebookeko orriekin berdin.

9-  Vicent Partalek zioen bezala: “Hizkuntza bat ez da normalizatzen soilik barrura begiratuta, kanpora ere egin behar da”. 10 minutuko hitzaldi hau oso inspiragarria da, Sareko Argiaren 10. urteurrenean Donostian eman zuena.

Click here to view the embedded video.

10- Azkenik, behin Twitterreko olatuak lehen horma botatzea lortu dugunean, hau ezin da hemen amaitu eta hurrengo helburuak finkatu behar genituzke. Boteprontoan zenbait: Mac euskaraz (ordenagailuak, iphoneak, bestelako makinak euskaraz izateak efektu bisual handia lekarke, gailuon arrakasta kontutan hartuta), edo teknologia mundutik pixkat aldenduz, hegaldi konpainiak berak jar genitzake begipuntuan, hala nola EasyJet edo RyanAir. Hiru hauek aipatzen ditut, ikusi dudalako katalanek lortu dituztela, eta beraz, une batean gai hau jorratu eta men egitea erabaki zutela. Beste inork beste batzuk buruan badauzka, idatz ditzala iruzkinetan, edo bestela, zuzenean has ditzala kanpainak. Datorren astean ea denbora hartzen dudan eta batenbat abiatu. Gainera, ez dugu zertan kanpainak banaka egiten joan, egin ditzakegu ongi idatzita eta argumentatuta badaude, bat baino gehiago. Animo beraz!

PD: Azken aldian oso lanpetuta ibili naiz eta ez dut bloga askotan eguneratu. Ea hemendik aurrera gehiagotan egiten dudan…

PD2: Gaiari lotutako gogotea eta iritzi gehiago badauzkazue, bota lasai iruzkinetan, eta hitz egingo dugu!

Tags : | Comments Off

(Euskadi Irratiko asteroko errepasoa)

Azkenean! Azkenean bete dira gure arrandegiak antxuaz, antxua prexkuaz. Hemen berean harrapatutakoa izan omen da gehiena, eta ugari topatu omen dute gainera. Bai, azkenean bete dira gure arrandegiak antxoaz eta gezurra badirudi ere, aste honetan, ez da angulen prezioan izan. Antxoa ez da gehiago igandetako platera gutiziatua izango.

Galdetu bestela pasa den igandean lehen jaunartzearen aitzakian elizara aurrena eta gero jatetxe eleganteetara bildu ziren familia eredugarriei. Seguru hauek ere antxoak astean zehar jan dituztela. Eta hori, zuriz eta marinelez jantzi zituzten ume errukarriek indar handia beharko dutela, indar handia bai, antxoak erruz ematen duen burdina esaterako… aurre egingo badiete, bizitzan jasotako aurreneko hostiari.

Deliziosoak izan dira aste honen usainak, bai. Eta ez antxoa frijituen usaina zabaldu delako bakarrik. Belar usain gozoa ere zabaldu da gure herrietan, edo nirean behintzat bai. Belar usaina bai, eta ez da izan 2012 hau, año Mariano izaten ari delako eta maria edo haxix usaina zabaldu delako nonahi. Ez, ez keba, gure herriyan, aste honetan hasi dira parke, rotonda eta bide bazterretako belarrak mozten.. ate joka ari diren bisitariei gure zarauzko herriya zein beautifula den erakusteko… Polita-polita… aldameneko herria ere bai, of course. Ez baitu kasualitatez irabazi aste honetan Getariak, Google aingeru guardakoak antolatutako “modelatu zure hiria lehiaketa”. Getaria ikusten den bideoa oso ondo dago egina, baina ezin irudi itsusirik atera goizero Balentziagaren soineko diferentearekin esnatzen den herriari.

Izan ere, politak daude gure herriyak. Ez dira ba egongo! Hainbeste erreformekin forman daudela esan genezake, hainbeste murrizketa eta doikuntza planekin liftinga egin berritan, dotore, galai, eder eta orain muskuluak puztu behar omen dizkiete gure herriei BEZa igota. Puztu, puzten beste zerbait ari bazaigu ere guri. Besteak beste, hankarteko bonbonak eta falopio tronpak!

Puzten bai, areago aste honetan Paul Krugman ekonomialari profetak eginiko iragarpen katastrofikoak entzunda. Espainiako zorrak, zabor bono bihurtu dira eta hondakin nuklearrak baino maitale gutxiago ditu oraintxe bertan, burtsak astero bizi du astelehen beltza, eta astearte beltzagoa, eta asteazkenera marka olinpikoak hausten iristen da, arrisku sariarenak bistan da, aste honetan esaterako, 500 puxtarriko langa gainditu baitu. Eta on Mariano Europako Batasunari laguntza eskatzen, belauniko, mesedez, arren eta joee, porfa…. Baina ez dirudi kasu handirik egin nahi diotenik. Gutxi gora-behera ETAri bezala. Erakunde armatuak aste honetan hizketarako ordezkariak izendatu ditu, baina inork ez du berarekin esertzeko prestutasunik agertu. Gero nola ez da ba igoko Espainiako arrisku… saria! Arriskua ekonomikoa ez ezik politikoa bai baitago. Baina, Raxoik argi esan du: ETA disolbatu arte ez da negoziaziorik izango. Eta disolbatzen denean, bistan da, ez du norekin negoziatu izango.

Halere, kulpak, hainbeste arrisku, dekretu eta negarren kulpak badakizue nork dituen ezta? Greziak. Horregatik hitz egiten da gero eta ozenago Grezia Eurogunetik kanpo geratzeko aukeraz. Baina esaidazue, Grezia Eurogunetik aterako balitz… berarekin eramango lituzke bere mitologiako jainko, heroi eta olinpoak!?

Ze, kasu horretan, Greziarrek eurekin eramango lukete Zeus jainko ahaldunak engainatu zuen Europa printzesa ere. Eta gu europarrok geratuko ginateke izenik gabe, izanik gabe, eta okerrena dena: Jainkorik gabe. Eskerrak guk, euskaldunok, Xora daukagun orain Jainkoak sortu eta desegiteko: Xora bai, aste honetan hegoaldeko zine aretoetan estreinatuko den film zuberotarra, Jinkoak sortu ditüt eta desegin

Jainkoak sortu eta desegin bai. Hainbeste urteetan sortu eta desegitear diren osasungintzako eta hezkuntzako lanpostuak bezala. Aste honetan jakinarazi digutenez, 1.000tik gora lanpostu galduko omen dira Nafarroako eskola publikoetan, eta sindikatuek hiru greba deialdi egin dituzte kolpera. Bilboko metroko eta autobus langileen efektua iristear da Nafarroako lurretara. Dena ez baita Gugenheim izango!

Bai, bai, protesta asko izan dira orain arte eta, edonork aurreikusi dezake, izango dira gehiago. Batez ere M15ak urtebete egin duen aste berean, nahiz eta orain, suminduta daudenak politikariak eta bankariak direla diruditen. Ardura karguak hartu bai baina gero gertatzen diren gauzen responsabilidaderik hartzen ez duten politikari eta bankari suminduak alegia. Guk, elkarrekin segi beharko dugu protestan, aste honetan bezala Bruce Springsteenekin batera kantuan, beste mundu bat aldarrikatzen.

Ez da soluzioa inondik inora, aste honetan Turutarenak egin duena egitea: barkatuko didazue horrela esatea baina, kabroiak, ez to eta ez no, pertsona bakar batek soilik erabiliko duen sare sozial bat sortu du: neurona izenekoa. Oso terapeutikoa izan daiteke norberarentzat, norbere niak elkarrekin hizketan jartzea sare berean, baina ikasi beharko luke, ikasi beharko genuke Hollande Frantziako presidente izendatu berriak eman duen ejenplutik, Berlinera joan baita Merkel bisitatu, aixkiriatu eta sare sozial berriak sortzera.

Bueno, Manu, eta banoa.. hori bai.., ezin joan aipamenik egin gabe, aste honetan betirako isildu den txori bati, Eñaut Larralde kantari baxenabartarrak utzi egin baikaitu. Eta sortuko ahal dira berriak. Ea oroitzen dugun hamar urte barru ere Eñaut, Txillida bezala, sinposio, jardunaldi, hitzaldi eta katedrak sortuta Frankfurten. Baina ni, hain azukre zalea izanda, Arzakek Txillidaren omenetan prestatu duen postrea probatu gabe geratu izanaren penetan geratu naiz aste honetan. Eta egia esan, sekula probatzeko esperantza gutxirekin… aber errezeta pasatzen digun behintzat!

Share

Tags : | Comments Off

Altza hatza Independentziarantz: Independentzihatz

Posted by www.independentzihatz.com on Friday May 18, 2012 Under Aldarrikapenak

Independentzihatz egitasmoaren helburua, eskuko hatz txikia altzatzearen ohitura zabaltzea da, idenpendentziaren aldeko ikur modura. Atera zure argazkia, hatza altzata, eta igo Independentzihatz webgunera! Independentzihatza, txikia izan arren besteek adinako eskubidea duelako, Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria!

Tags : | Comments Off

Egun batean patila eguna egin …

Posted by teketen on Friday May 18, 2012 Under Mikromezuak

Egun batean patila eguna egin beharko dugu. Denak patilekin! Neskak ere!

Tags : | Comments Off

Mintzaplaza

Posted by Beñat on Friday May 18, 2012 Under Uncategorized
Donostiako Mintzodromoa
Iparraldeko mintzalagunek, Mintzaplaza prestatu dute maiatzaren 27rako. Baxe Nabarren Euskararen Urtaroa ospatzen ari dira eta hilabete osoan zehar ekitaldi anitz izaten ari dira. Maiatzaren 27an burutuko da urtaroa, Donibane Garazin izanen den Euskararen Egunarekin. Besta egun honetako ekiatldien artean, Mintzaplaza izanen da.

Aurretik egin izan diren mintzodromo, berbodromo eta antzeko ekimenen formatu bera izanen du Mintzaplazak. Goizeko hamrretan hasita eta kafearekin,  mahai ezberdinetan gai ezberdinez hitz egiteko aukera izanen da. Mahai bakoitzean hogei minutuz arituko dira eta orotara hiru orenez luzatuko da saioa.

Tratatuko diren gaien artean; euskara, kultura, aisialdia, elikadura, laborantxa... eta beste zenbait.

Parte hartu nahi izatekotan, eman izena deituz: 06 72 96 59 55 edo idatziz: euskara@baxenafarroa.fr

Tags : | Comments Off

Crowfunding tresna propio, lok…

Posted by teketen on Friday May 18, 2012 Under Mikromezuak

Crowfunding tresna propio, lokalizatu eta deszentralizatuak behar ditugu! Komunitate bakoitzak berea eta lotzeko aukerarekin.

Tags : | Comments Off

Status Blogsovieta, estandar irekiko mikroblogintza zerbitzua

Posted by Sustatu on Friday May 18, 2012 Under internet

Status Blogsoviet hainbat lagunen artean martxan jarritako mikroblogintza zerbitzua da, StatusNet software librea euskaraz instalatua. StatusNeten, Twitter edo Facebooken bezala, mezuak idatzi, erantzun, birbidali edo gustukoenen artean gordetzeko aukera ematen du. Zerk bereizten du, orduan, besteengandik? Ezberdintasunik handiena, besteek ez bezela, OStatus estandar irekia erabiltzen duela da. Honek sare deszentralizatu ezberdinetako erabiltzaileen arteko komunikazioa ahalbidetzen du, sare bakoitzean kontu berri bat irekitzen ibili beharrik gabe, mezu elektronikoetan gmail domeinuko kontu batetik hotmaileko beste batetara mezu bat bidal daitekeen bezela.

Tags : | Comments Off

Zuloak http://t.co/eidWqA4y

Posted by teketen on Friday May 18, 2012 Under Mikromezuak

Zuloak http://t.co/eidWqA4y

Tags : | Comments Off